jueves, 24 de noviembre de 2011

Basamortutzea


Gaur, ingurugiroan aurki dezakegun beste arazo bati buruz hitz egingo dizuet, basamortutzeari buruz hain zuzen ere. Nahiz eta honek guri era zuzenean ez eragin, honi buruz zertxobait gehiago jakitea interesgarria dela uste dut.


Esatekoa da basamortutzea lurraren degradazioa dela, eremu idor eta erdi idorretan gertatzen dena faktore ugarik eraginda; klima-aldaketak eta giza jardueren ondorioengatik hain zuzen ere. Basamortutzeak emankorrak diren lurzoruak higatzen eta suntsitzen ditu eta batez ere eremu tropikaletan eta subtropikaletan kezkagarria dela jakitekoa da.

Desertifikazioa lurzorua babesten duten landareak desagertzetik dator, eta hori dela eta, lurzorua gazitu eta kutsatu egiten da. Prozesu honetan, lehen aipatu bezala, klimaren gorabeherek zerikusi handia dute, lehorteak eta uholdeak esaterako; baina gizakion jarduerak ere itzelezko garrantzia dutela aipatzekoa da; zuzenean (aurreko egunetan hitz egindako zuhaitz mozteak lurzorua babesik gabe uzten dutelako) zein zeharkako eragina (berotegi efektua) izanda ere.

Nahiz eta horretaz kontziente ez izan, basamortutzea arazo larria bihurtu da mundu osoan, kontinente guztietan zehar basamortutze-prozesuak etengabe gertatzen ari direlako. Basamortutze-prozesu hauek, klima hezea dagoen lekuetan gertatzen ari dira, non giza jardueren ondorioz, lurra bere emankortasuna galtzen duen.

Orain dela gutxira arte, lurra agortzeak eremu lehorretan bakarrik zirudien kezkagarria; bertan lurra erraz galtzen delako, eta lehen zeukan era hartzea oso zaila bihurtzen delako. Hori ez gertatzeko, hau da, basamortutzeari aurre egiteko, hainbat egitasmo jarri dituzte martxan. Egitasmo hauek, lurra erabiltzeko modua aldatzean oinarritzen dira, horrek toki askotan lurra galtzeak eragiten duelako, era desegokian erabili dituztelako edota neurriz kanpoko ustiatzeak izan direlako.


Basoak suteen bidez soiltzeak, hau da, aurreko egunetan landu dugun deforestazioa; leku berean komeni den baino abere gehiago edukitzeak, baratze ureztatuak horretarako aproposak ez diren tokietan jartzeak, etab. eremu zabaletan lurra lehortzea eragiten dute. Lurrak beste era batera landuta eta erabilita egoteak, kalte horiek konpontzen, edo, basamortutzea lurra oraindik emankorra den lekuetara ez zabaltzea eragiten dute; eta horretarako, ezinbestekoa da lurra eta ura bateratuta gestionatzea.

Aurreko guztia kontuan harturik, basamortutzea gertatzeko eraginak edo errudunak zeintzuk diren komentatuko ditut orain:

-Baso-soiltzea: Kasurik ezagunena dugu hau, hau da, deforestazioa. Suteek, egur eta paper industriek eragindako zuhaitzen mozketek eta monolaborantza hedatzeak eragiten dute.

-Gehiegizko laborantza: Hau kontuan harturik, esatekoa da lurzoruaren emankortasuna murriztea, eta uztak dituzten produktibitate maila ere behera egitea basamortutzea eragiten dutela.

-Gehiegizko larratzea: Nekazaritzarako gero eta lur-azal handiagoak erabiltzen dira eta animaliak gordetzeko larreak ere txikiagoak izaten dira nahiz eta abere taldeak gero eta handiagoak izan. Era berean, abeltzainak haien zereginak burutzeko belarra murriztu egiten dute eta larre-landareek produzitutako kantitatea jaisterakoan, basamortutzea sustatzen dute.

-Ureztapen txarra: Eskualde lehorretan elikagaien produkzioa handitzeko irtenbide ezin hobea da ureztapena, beraz, horri esker zereal eta bestelako landareen produkzioa handiagotu egin da. Hala ere, ureztapenak lurraldea basamortu bihur dezake. Honekin erlazionatuta dauden datuak harrigarriak dira; mundu osoko eskualde lehorrak kontutan harturik, urtero lurralde ureztatuetako 500.000 hektarea basamortu bilakatzen direlako.

Basamortutzearen ondorioak begi bistan daude, azken berrogeita hamar urtetan, 500 milioi hektarea ingururi eragin diola kontuan hartzen badugu. Planetako azaleraren herena basamortu bilakatzeko zorian dago, eta kontinente guztietako 900 milioi pertsonari zuzenean eragiten diela ere aipatzekoa da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario