lunes, 21 de noviembre de 2011

Euri azidoa


Atmosferaren kutsadurak eragiten dituen arazoekin jarraitzeko, gaur oso kaltegarria den baina arreta askorik egiten ez diogun arazo bati buruz hitz egingo dizuet, hau da, euri azidoari buruz.

Euri azidoa mugaz haraindiko efektua dela esatekoa da, hau da, herri batek isurtzen ditu kutsatzaileak baina hauen ondorioak beste herrialde ezberdinetan ikus eta antzeman daitezke. Kutsatzaileak euren sorlekutik bestelako lekuetara garraiatzen dira, bertan ondorioak egonez;normalean larriak izan ohi direnak. Euri azidoa lainoarekin batera higitzen denez, sortutako lekutik ehundaka kilometrora eror daiteke. Tximiniak, oro har, oso altuak direnez, haiek botatako oxidoak lainoak harrapatzen dituzte.

Euri azidoa zera da; normalean euri bezala baina batzuetan ere elur, laino edota ihintz erara izan daitekeen prezipitazioa da; bere pHa 5,6 baino txikiagoa dena. Hau da, berez euria azidoa da, bere pH-a 5,6 delako; atmosferako CO2-a ur lurrunarekin nahastean, azido karbonikoa (H2CO3) eratzen delako.



Eurian beste kutsatzaile azidoak daudenean, euri azidoa sortzen da. Euri azidoa eragiten dutenak batez ere, sufre oxidoak eta nitrogeno oxidoak dira; eta horiek urarekin nahasterakoan, korrosiboak diren azido sulfurikoa eta azido nitrikoa sortzen dituzte. Kutsatzaile sekundario horiek, hau da, atmosferaren osagaiek daukaten elkarrekintzaren ondorioz sortzen direnak, egun batzuk iraun dezakete atmosferan eta euria egiterakoan, honekin batera lurrera jausi. Baina era solidoan ere meta daitezke, eta hauen ondorioak euri azidoarena bezain kaltegarriak dira. Esatekoa da euri azidoa atmosferaren zirkulazioari lotuta dagoela eta zenbait katioi, hala Nola Ca2+, Na+ eta antzekoak oztopatzen dutela. Katioi horiek ozeanoetan sortzen direnez bertako gazitasuna dela eta, normalean euri azidoa kontinenteetan barrena garraiatzen da. Tximinia altuek kutsatzaileak botatzean, haizeak garraiatzen ditu eta euri azido antzera prezipitatzen dira.

Beraz, lurreko eta uretako animaliak, zuhaitz eta landareak, eta gizakien azpiegiturak ere euri azidoaren efektu kaltegarriak jasotzen dituzte. Nahiz eta arazo honi arreta asko ez jarri, fenomeno kaltegarrienetariko bat dela aipatu beharrekoa da, nekazari jardueretan galera ekonomiko handiak sortzen ditu eta gainera, animali eta landare kantitate askori ere eragiten die.

Euri azidoaren ondorioak, suntsitzaileak izatera hel daitezke, bizitza akuatikoa zailtzen du itsaso, aintzira eta ibaien kutsaduratik, basoetako bizitza begetalaren higadura eta hilketara arte. Gutxi izango balitz bezala, euri azidoa lurrera jauzterakoan, ur azidifikatu hori lurreko ongarri naturalak eramaten ditu eta horrek lurra pobretu egiten du, landareak kaltetzen duena.

Ez du bakarrik izaki bizidunetan eragiten; gizakiek egindako eraikinak eta azpiegiturak jan egiten ditu; esate baterako marmolez edo kareharriz eginda dauden estatua edo monumentuak euri azido bakoitzarekin desegiten dira.
Euri azidoaren ondorioak laburbilduz, aipatzekoa da basoek, aintzirek, ibaiak, laborantza lurrek, etab. jasaten dituztela. Euri azidoak landareen hostoak suntsitzen ditu, lurra azido bihurtu eta gero lurreko konposatuekin erreakzionatzen du landareen sustraietan kalteak eragiten, lurrazaleko urak azido bihurtzen ditu eta bertan bizi diren komunitateak galdu egiten dira. Hirietako eraikinetan eta monumentuetan, euri azidoak kalte nabarmenak eragiten dituzte metalak janez eta harriak degradatuz.

Arazo horiek guztiak ezagututa, esatekoa da euri azidoari aurre egiteko konponbideak ere badaudela; hala nola, zentral termikoek isurtzen duten poluzioa kontrolatu behar da tximinietan iragazki egokiak jarriz, ibilgailuen ihes tutuetatik isurtzen diren gasen kantitatea txikiagotu eta horretarako katalizatzaileak erabil daiteke; honekin batera esatekoa da ibilgailu pribatua gero eta gutxiago erabiltzea eta garraio publikoa honen ordez hartzea komeni dela; bai eta lantegi nahiz etxeetan energia aurreztu beharra dagoela energia alternatiboak erabiliz.

Jarraian, euri azidoa nola sortzen den eta zer motatako ondorioak dituen azaltzen duen bideo interaktibo bat jarriko dizuet, hobeto uler dezazuen.





1 comentario: