miércoles, 23 de noviembre de 2011

Basoen garrantzia ingurugiroan


Gaur, atzo esan bezala, basoek gure ingurugiroan duten garrantziari buruz hitz egingo dut. Gehienok, honi buruzko informazio gutxi daukagula uste dudalako eta hauek behar duten garrantzia guztiok jakin beharko genukeela uste dudalako. Basoen mozketari buruz zerbait entzuterakoan larritu egiten gara; baina ez dakigu zehatz mehats horrek benetan dakarren ondorio kaltegarri edo larri asko. Beraz, honi buruz gehiago jakin dezazuen helburuarekin, sarrera hau prestatu dizuet.
Basoak oso garrantzitsuak direla badakigu; alde batetik ura kudeatzen dutelako, beraz, oreka hidrikoa mantendu eta lurra babesten dute. Honekin lotuta, basoek lurra higaduratik babesten dutela esatekoa da, esaterako euri jasa gogorrak direnean, uholdeak narras egiten dute aldapako lurrean eta higadura bizia gertatzen da. Zuhaitzak dauden lekuetan, berriz, hostoek uraren zati bat poroen bidez xurgatzen dute eta gainerako urak, lurrak motelago jotzen du, bertako landareek ura atxikituz eta basoan ur-erreserba sortuz.
Horrez gain, tokiko klima ere hezetzen dute; eguzkiak zuhaitz gabeko guneetan gogor jotzen duenean, lurreko ura arin lurruntzen da, eta horrela lurra lehortu egiten da eta bertako ura azkar lurruntzen da, eremua idortuz. Zuhaitzak dauden eremuan, berriz, zuhaitzen sustraiek lurrean dagoen ura xurgatzen dute eta transpirazio bidez ur lurrun hori airera botatzen dute, inguruko atmosfera hezetuz.
Uraren kudeaketarekin jarraituz, basoak uholdeak kontrolatzen dituztela aipatu beharko genuke. Zuhaitzik egon ezean, lehen esan bezala, lurrak ez dauka zuzenean datorkion ura xurgatzerik eta oztoporik gabe ibaietara doa; gainera urak herretan eramaten ditu eta ur larregi daramanez, ibaien ur-mailak bizkor egiten du gora eta urak gainezka egin dezake. Uholdeak eta aste batzuetara lehortea etorriz gero, ura lurrundu egiten da, gero, lur azpiko urak, ibaietako ura gutxituz eta eremua idor bihurtuz.
Honekin batera, esatekoa da elur kantitatea eta urtzea kontrolatzen dutela. Neguan elurra ari duenean, zuhaitzak dauden lekuetan elur geruza meheago izan ohi da eremu zabaletan baino eta horrela animaliek babesa eta janaria aurki dezakete. Udaberria heltzerakoan, aldiz, elurra pixkanaka pixkanaka desegiten da, ura zurgatzen da eta ibaiak arriskurik gabe betetzen dira.
Uraren kudeaketa alde batera utzita, basoek luiziak eragozten dituztela aipatzekoa da. Elurra egiten duenean, zuhaitzik gabeko buztin aldapetan, dagoen lurra hidratatu eta plastifikatu egiten da eta irristatzea gerta daiteke lur-masak aldapan behera murgilduz eta bidean aurkitzen dituzten gauzak suntsituz. Basoak dauden aldapetan, berriz, zuhaitzen sustraiek atxikitzen dute lurra eta lurrek irrist egiteko arriskua gutxitzen da.
Basoek ere, haizeari eusten diotela jakin beharko genuke; zuhaitzak haizeari eusteko biderik eraginkorrena izanik; zuhaitzik ez dagoen lekuetan, kostaldean kasurako, ezerk ez du haizearen abiadura geldiarazten eta honek hondamendi itzelak sor ditzake. Mikroklima ere osatzen dutela jakin beharko genuke; basoak dauden lekuetako klima zuhaitzik gabeko tokietakoa baino hezeagoa dela jakinik; hauek xurgatzen duten uraren %97 atmosferara doalako.
Guztiok dakigun bezala, basoek oxigenoa etengabe ekoizten dute, fotosintesi prozesua dela eta, basoak oxigeno ekoizle handiak bihurtzen dira, eta prozesu artifizialetan (berogailuak edo motorren kasurako) kontsumitzen dugun oxigeno kantitatea berreskuratzen laguntzen dute, hauek isurtzen duten CO2-a kontsumituz.
Hau alde batera utzita, basoak zaratak moteltzen dituztela aipatzekoa da. Kasu askotan, errepideen ertzetan landatu ohi diren zuhaitzak kasurako, lerro trinkoetan jarrita ageri dira eta motorren edo kotxeen zaratak moteldu egiten dituzte; pantaila erara jokatuz soinua desbideratu eta indargabetua uzten dute.
Hau guztiarekin, basoak ingurugiroa hobetzeko hainbat ezaugarri betetzen dituztela ikus dezakegu, gure bizitzan beharrezkoak direla baieztatuz; hori dela eta, basoen suntsipena moteldu beharko genuke eta hauek babestuz behar duten garrantzia eman.

No hay comentarios:

Publicar un comentario