viernes, 18 de noviembre de 2011

Negutegi efektua

Aurreko sarreran kutsadura atmosferikoari buruz egin genuen berba eta gaur, horrekin erlazionaturik dagoen eta guztiok kezkatzen gaituen arazo global bati buruz hitz egingo dizuet: negutegi efektua.
Aipatzekoa da, azken urteotan, gizakien jardueren ondorioz atmosferara isuri izan diren kutsatzaile kopuruaren gehikuntza dela eta, kliman eragin ditzaketen hainbat efektu biztanleria kezkatzen joan direla.

Atmosferaren CO2aren gehikuntza gizakion jarduerak karbonoaren ziklo biogeokimikoan eragiten dituzten aldaketen ondorioa da. Alde batetik erregai fosilen erreketa eta baso suteek CO2 kantitate handiak sortarazten dituztelako, eta beste aldetik, sute hauek eta zuhaitzen mozketa progresiboak munduko basoetako masen txikiagotzea, lurraren degradazioa eta basamortutzearen hazkuntza eragiten dituzte, begetazioak atmosferak orain duen CO2-aren xurgapen ahalmen tasa murriztuz.

Gaur hitz egingo dugun negutegi efektua, aire arazo globala da; hau da, mundu mailan edo globalki gertatzen den arazoetako bat; hau gertatzeko berdin du non isurtzen diren kutsatzaileak, atmosferan nahasten direlako eta horren ondorioz arazo globala bihurtzen delako.
Negutegi efektuan, Eguzkitik etorritako izpiek Lurra jotzen dute eta Lurrak islatutako beroak ezin du espaziora ihes egin, atmosferako zenbait gasek igaro ezinezko hesia osatzen dutelako.
Prozesu hori gertatuko ez balitz, Lurraren bataz besteko tenperatura 18ºC-koa izango litzateke. Hori dela eta, gas batzuei esker, Lurreko tenperatura parametro jakin batzuen artean mantentzen da eta ez da gehiegi hozten. Aipaturiko gas hauek, naturalak nahiz artifizialak izan daitezke eta hauek dira hurrenez hurren: karbono dioxidoa (CO2), metanoa (CH4), oxido nitrosoa (N2O), ozonoa (O3), CFC-ak, hidrofluorokarburoak (HFC), hidrokarburo perfluoratuak (PFC) eta sulfuro hexafluoruroak (SF6) ditugu. Gas hauek, ez dute uzten Lurrak isurtzen duen beroa espaziora atera dadin eta horrela planetaren bataz besteko tenperatura berdintsu mantentzen da. Horri berotegi-efektu deritzogu eta berezko fenomenoa dela esan genezake, hau da, fenomeno naturala dela badakigu eta honi esker Lurrean bizia garatu zela jakitekoa da.

Gaur egun, berotegi efektua eragiten duten gasen kantitatea asko hazten ari da giza jardueren ondorioz, beraz, Lurraren bataz besteko tenperatura aldatzen doa, eta horren ondorioz, planeta gehiegi berotzen ari da; berotze globala edo klima aldaketa eragiten duena.
Hori kontuan hartuta, esatekoa da negutegi efektuaren ondorioa, klima aldaketa dugula. Hainbat ikerketa erakusten duten bezala, CO2 eta berotegi-efektua dakarten bestelako gasak atmosferara gaurko proportzioan isurtzen baditugu, Lurraren bataz besteko tenperatura 1,5-5ºC bitartean igoko da; eta honekin batera, kliman, biosferan eta geosferan aurrez ikusi ezin diren aldaketak gertatuko dira. Horien artean, glaziarretako eta poloetako izotza neurri handian urtuko dira eta itsasoen maila asko igoko da; itsas maila igotzearen ondorioz, zenbait hiri handi (Shangai, San Francisco…) eta txiki asko urpean geratuko dira; ekaitzak gero eta gogorragoak izango dira eta lehorteak, berriz, gero eta luzeagoak; eremu epeletan klima lehortuko da eta basamortutzea handituko da; zenbait herrialdetan uztak gutxituko dira eta arazo sozioekonomikoak gaurkoak baino larriagoak izango dira bai eta hainbat eremutako paisaia guztiz aldatuko da.
Guztiok kezkatzen gaituen arazo arriskutsu honi aurre egiteko soluzio teoriko batzuk badaude, hala nola, energia berriztagarriak erabiliz CO2 isurketak gutxitu; nekazaritzan eta abeltzaintzan sortzen diren gasak kontrolatu, baso-galera eta basamortutzea geldiarazi eta baso-berritzea suspertu, bai eta itsasoko zein lehorreko kutsadura saihestea. Neurri horiek, berriz, herrialde askoren interes politiko eta sozioekonomikoen kontra doanez, konponbideak bilatzea oso zaila dela aipatzekoa da.
Beraz, esatekoa da, arazo hau aurrera eramateko herrialde guztiek bere partetik jarri beharko luketela eta ez bakarrik haien interesetan pentsatu; mundu guztia jasaten dugun arazoa delako eta honen ondorioak guztiok jasaten ditugulako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario